CI Games, Thunderful, Behaviour Interactive edo Unity bezalako erraldoiek enpresak “berregituratzen” jarraitzen dute. Iaz 10.500 sortzaile iraitzi zituzten.

2024a beltz hasi da bideojokoen sortzaileentzat. Urteko lehen egunek kaleratzeei buruzko albisteekin hasi ditugu: guztira 3.172 garatzaile kaleratu dituzte industriako enpresa desberdinek, Kotaku agerkariak jakinarazi duenez.

Thunderful taldeak, esaterako, 100 langile inguru iraitzi ditu. Steamworld edo Somerville jokoen jabeek adierazi dutenez, enpresa “berregituratzea” da helburua, gastuak murrizteko asmoarekin.

Lords of the Fallen edo Sniper Ghost Warrior lanen arduradunek, CI Games-ko poloniarrek, berriz, plantillaren % 10 kaleratu dute: gehienak marketing arloko langileak dira, baina Hexworks zein Underdog estudioetako garatzaileak ere aurkitzen dira horien artean.

Unity-ren kasua oporretatik bueltan ezagutu genuen. Urtarrilaren 8an 1.800 langile —lantaldearen % 25— botatzen hasi ziren garapen motorearen enpresakoak kaleratzeen txanda berrian: martxoan guztiak kalean egotea aurreikusten dute. Aurretik, 2023an, 284 garatzaile kaleratu zituzten.

Dead By Daylight arrakastatsuaren jabe Behaviour Interactive-k, berriz, 45 garatzaile kale gorrian utzi ditu, enpresak informazioa publiko egin gabe utzi duen arren.

2024ko kaleratzeena zerrenda luzea da: aipatutakoei Wimo Games, Pixelberry Studios, Netspeak Games, PTW, Lost Boys Interactive, Bossa Studios eta beste hainbat estudiotako langileak gehitu behar zaizkie.

 

Twitch eta Discord

Bideojokoei lotuta, beste bi enpresa erraldoietan ere iraizketak ikusi ditugu. Amazon buru duen Twitch plataformak 500 sortzaile, diseinatzaile eta kudeatzaile kanporatu ditu, lantaldearen % 35. Iazko martxoan eta urrian, gainera, ehun langile baino gehiago bota zituzten. Guztia, lantalde handiegia eta “erredundantea” osatzearren.

Discord plataforma antzeran dabil. Urtarrilaren 11n 170 garatzaile iraitzi zituen: zergatia, “hazkunde azkarregia” eta “proiektu gehiegi”.

 

2023 gogorraren atzetik

Albisteok bideojokogintzarentzako zoritxarreko urtearen ondoren jaso ditugu. 2023an 10.500 sortzaile kaleratu zituzten Microsoft —Xbox Games Studios edo Bethesda barne—, PlayStation —Bungie, Media Molecule eta Naughty Dog taldeetan, besteak beste—, Epic Games, Electronic Arts, Wizards of the Coast edo Embracer Group bezalako enpresa esanguratsuek, beste hainbaten artean.

Videogameslayoffs webgunea kaleratzeen datuak biltzen ari da, azken hiru urteetan jazotakoak zerrendatuz. Azken hilabeteetako joera ikusita, datozen asteetan are kanporatze gehiago ezagutzea espero da.

AAA zein zerbitzu jokoen balioak eta garapen denborak zerikusi zuzena dute honekin. Milioiak balio dituzten tituluak eratzea zailagoa egiten ari da; ez hori bakarrik, bideojokoen industria geroz eta handiagoa nahiz garestiagoa bilakatzen doan heinean, kontrolik eta gidaritza eraginkorrik gabe erritmo arraiezinean hazten doazen enpresek, edo, hobe esanda, hauen langileek, garesti ordaintzen dute edozein akats.