Middle-earth Enterprises & Friends, Coffee Stain & Friends eta Asmodee Group sortu dituzte. 1.400 langile kaleratu dituzte azken urtean.

Embracer Group erraldoiak bere berregituraketaren azken pausoa iragarri du. Prentsa oharraren bitartez hiru enpresatan zatitu dela jakinarazi du enpresa suediarrak.

Asmodee Group, Coffee Stain & Friends eta Middle-earth Enterprises & Friends dira berregituraketatik jaiotako hiru talde berriak. Bakoitzak Embracerren enpresa, estudio, proiektu eta bideojoko desberdinak bereganatuko ditu.

Hasteko, Middle-earth Enterprises & Friends da hiruretatik handiena, “PCrako zein kontsoletarako AAA jokoetan” ardaztuko baita.

Bere barnean Crystal Dynamics, Eidos-Montréal, Flying Wild Hog Studios edo Tripwire kokatu dira, beste hainbaten artean; hau da, Metro Tomb Raider, Deus Ex, Dead Island, Killing Floor, Kingdom Come Deliverance zein Eraztunen Jauna frankizian oinarritutako bideojokoak kudeatzeaz arduratuko da.

Bigarrenik, Coffee Stain & Friends, bestalde, kontsoletarako zein ordenagailuetarako zerbitzu jokoak, AA tituluak nahiz indie proiektuak kudeatuko dituen enpresa dugu.

Bi ataletan banatuko dute: ordainpeko eta doako jokoak garatuko dituzten sektoreetan, hain zuzen ere. 200 bat frankizia daude bere eskuetan: Deep Rock Galactic, Valheim, Goat Simulator, Satisfactory, Wreckfest eta askoz gehiago kudeatuko ditu Coffee Stainek, THQ Nordic bezalako taldeak barnean edukita.

Bukatzeko, Asmodee Group taldeak mahai eta karta jokoak zein bestelakoak ekoiztuko ditu. 300 bat IP biltzen ditu, 23 estudiorekin.

Embracer taldearena ia urtebeteko berregituraketa izan da. Bidean 30 proiektu inguru alboratu dituzte, estudioak itxita, eta 1.400 langile inguru kanporatuta. Esate baterako, Gearbox erraldoia Take-Two erraldoiari saldu zioten orain aste batzuk —nahiz eta hauek ere kaleratzeak iragarri dituzten—.