Akuma, Lidia, Slayer eta Marco Rodrigues borrokalariak helduko dira joko desberdinetara. Hunter x Hunter manganimearen joko berria erakutsi dute.

EVO Japan txapelketa erraldoiaren dueluak bizi ditugu egunotan Tokion. Lehiaketez gain, borroka joko desberdinen iragarpenak egiteko leku aproposa da, eta zaleak pozik egon daitezke. Street Fighter 6, Tekken 8, Guilty Gear Strive eta Fatal Futy: City of the Wolves tituluen eduki berriak ezagutzera eman dituzte euren egileek.

Bagenekien Akuma SF6ra iristear zegoela, baina orain eguna dakigu: shoto estiloko borrokalaria maiatzaren 22an hasiko da sumindutako deabruak banatzen. Lehen aldiz ikusi dugu jokoan, gainera, itxura eraberrituarekin; horrez gain, bere diseinu klasikoa erabiltzeko aukera edukiko dugu.

Tekken 8k, bestalde, bere lehen denboraldiaren —ez gaude ba horretan?— bideoa aurkeztu du, denetariko edukiak bilduz. Garrantzitsuena pertsonaia berria da: zazpigarren atalean ezagutu genuen Lidia berreskuratuko dute Bandai Namco-koek udan. Oreka zuzenketak, borrokaleku berria, kanpainaren atala eta argazki modalitatea ere jasoko ditu burdinezko ukabilaren erregearen azken txapelketak.

Guilty Gearrek ere borrokalaririk maiteenetakoa estreinatuko du Strive atalean. Slayer banpiroa aldaketa handirik gabe itzuliko da Arc System Works taldearen bideojokora, baina ziur zaleek benetan gozatuko dutela berarekin: maiatzaren 30ean kaleratuko dute borrokalekuarekin batera. Horrela, hirugarren denboraldia bukatutzat eman dute, baina laugarrena datorrela diote.

Garou: Mark of the Wolves mitikoan ezagutu genuen Marco Rodrigues borrokalaria Khushnood Butt izenarekin. Ryo Sakazaki —Art of Fighting eta King of Fighters tituluetako beteranoa— karatekaren ikasleak berriz errepikatuko du hurrengo Fatal Furyn. Bideojokoa garapenean dago oraindik, baina SNK estudioak 2025ean argitaratzeko asmoak ditu.

Bukatzeko, manganime zaleentzat oparia jaso dugu. Hunter X Hunter maitatuaren joko berria orain hilabete batzuk iragarri zen, baina Nen Impact misteriotsuak ez zeukan irudirik edo jokaldirik. Hori aldatu da: Marvel vs Capcom estiloko 3vs3 borrokak proposatuko dizkigu Gon, Killua eta gainerakoen artean PlayStation 5, Switch eta PC plataformetan.