2025ean estreinatuko du Skydance New Media-k. Unreal Engine 5 garapen motorearen baliabideak erakusteko aurkeztu dute GDC ekimenean.

Marvel argitaletxeak eta Skydance New Mediak Marvel 1943: Rise of Hydra iragarri dute ofizialki. Aspalditik geneukan bideojokoaren berri: 2021ean Amy Hennig sortzaileak zuzenduko zuela ezagutu genuen aurrerapen irudi txikiarekin. Orain, baina, Amerika Kapitaina eta Pantera Beltza protagonista dituen bideo ikaragarriarekin ezagutzera eman dute.

Soul Reaver eta Uncharted originalen zuzendaria jokalari bakarrarentzako abentura prestatzen dabil. Izenburuak dioen bezala, 1943. urtera bidaiatuko dugu: Hydra —Marvelen unibertsoko nazi superbilauak, laburbiltzearren— garaitzea izango da gure helburua.

Jokagarritasunik ikusi gabe geratu garen arren, trailer zinematikoa ikaragarria da; izan ere, GDC egitasmoko aurkezpenaren baitan Unreal Engine 5 garapen motorearen baliabideak eta teknikak erakusteko asmoarekin argitaratu dute bideoa.

Amerika Kapitaina, Steve Rogers, kontrolatuko dugu, baina baita garai horretako Pantera Beltza ere —hau da, filmeetan ezagutzen dugun T’Challa-ren aita—. Horiez gain, beste bi protagonista edukiko ditugu: Gabriel Jones soldadua eta Nanali espia wakandarra.

Marvel 1943: Rise of Hydra 2025ean estreinatzeko asmoa agertu dute egileek. Plataformak, baina, zehaztu gabe geratu dira.